
Joan den irailaren 23an, Eugenio Pereak, Tecnaliako Energia Digitalaren zuzendariak, DAEKIN proiektua aurkeztu zuen Bilbon egin zen "data sharing and governance for Energy applications" hitzaldian. Ekitaldiak 73 parte-hartzaile bildu zituen eta profil tekniko eta instituzionaleko hizlarien panel nabarmena izan zuen.
“Data sharing and governance for Energy applications” konferentzia Energiaren Kluster Elkarteak (EKE) H2020 PLATOON proiektuaren barruan koordinatzen dituen enpresentzako zabalkunde-jardueren barruan egin da, eta ENGIE eta TECNALIA izan ditu bidelagun antolaketa-lanetan, baita OPEN DEI europar ekimena ere.
Inaugurazio-ekitaldia José Ignacio Hormaeche Energia Klusterreko Zuzendariak gidatu zuen, Cristina Oyón, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasunaren arloko Zuzendaria buru zuela, eta haiekin batera agertu ziren Europako Batzordearen izenean, Mark van Stiphout DG ENERGYko Unitateko Zuzendari Laguntzailea eta Rolf Riemenschneider DG CONNECTeko IoT Sektoreko Zuzendaria. Den-denek agerian utzi zuten erakundeek energia-sektoreko balio-kateen digitalizazioa energia-trantsiziorako katalizatzailetzat bultzatzearen alde hartu duten konpromisoa, berariazko zenbait ekimenen bitartez, hala nola Basque Digital Innovation Hub (BDIH) Eusko Jaurlaritzaren kasuan, edota Digitalisation of Energy Action Plan (DoEAP) eta Common European Energy Data Space, Europako Batzordearen kasuan.
Jarraian, bi panel tekniko garatu ziren, datuak partekatzeari dagozkion erronka teknologikoak eta nazioartean sustatzen ari diren ekimenak aztergaitzat hartuta. Erik Maqueda datuen analisiaren arloko Tecnaliako aditu eta PLATOON proiektuaren koordinatzaile teknikoak Data Spaces deritzenen inguruko erronka teknologikoak zehaztu zituen, energia-sektorea digitalizatzeko dauden oztopoentzako soluzio gisa; Silvia Castellvík (IDSA) OPEN DEI ekimenaren barruan adostutako Data Space-en diseinuaren printzipioen ildo nagusiak aurkeztu zituen; bestalde, Antonello Monti irakasleak (Aachen-eko Unibertsitatea) eta Valentina Janev doktoreak (Institute Mihajlo Pupin) sare adimendunek trantsizio energetikoan bete beharreko eginkizunak eta Serbian arlo horretan egindako jarduerak aztertu zituzten, hurrenez hurren.
Datuen partekatzea bultzatzeko abian dauden ekimenei dagokienez, egungo egoera eta jardueran emandako aurrerapausoak aurkeztu zituzten Ana Garcíak, BDVAren (Big Data Value Association) izenean, Thorsten Huelsmann-ek, IDSA (International Data Spaces Association) delakoaren ordezkari gisa, eta Philippe Calvezek (ENGIE, PLATOON proiektuaren koordinatzailea), GAIA-Xen izenean. Haien hitzaldietan izandako baterako elementuen artean, nabarmentzekoa da ekimen guztien artean lankidetzan jarduteko interesa eta borondatea Data Space-en gobernantza harmonizatu baterantz aurrera egiteko.
Programa osatuz, pitch-saio bat egin zen, OPEN DEI ekimenean eta bereziki energiaren arloan inplikatuta dauden zortzi H2020 proiektu tarteko zirela, datozen urteotan datuak partekatzeko baterako ezagutza-oinarria garatzea ahalbidetuko duten sinergiak eta aukerak identifikatzeko. PLATOON, BD4NRG, BD4OPEM, COORDINET, INTERCONNECT, INTERRFACE, PLATONE eta SYNERGYren ordezkariek beren enpresen helburuak aurkeztu zituzten, baita energia-sektorean datuak partekatzeko sor daitezkeen beharrei erantzuteko lantzen ari diren garapen teknologikoak eta garapen horiek baliozkotzeko aurreikusi dituzten erakustaldi pilotuak ere. Horiei gehitu zitzaien datuen partekatzearen arloan Euskadin garatutako Elkartek DAEKIN proiektua.